Ikasketak-zerbitzu kritikoak gaitasun berrien garapenari leihoa irekitzen dionean
María Jesús Martínez Usarralde. Valentziako Unibertsitateko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko pedagogoa eta irakaslea da; bertan, Garapenerako eta Hezkuntzarako Lankidetzan egiten du lan duela hamabost urtetik gora. Hegoaldea inspirazio-iturri izan da Sentipensar la Cooperación al Desarrollo en Educación bere libururako. Berarengandik, bada, ikasi du Garapenerako Hezkuntza ikasketarekin-zerbitzuarekin uztartzen, advocacy-arekin (sentsibilizazioa) eta gizarte justiziarekin duen loturatik.
Óscar Chiva-Bartoll. Universitat Jaume I Unibertsitateko Giza eta Gizarte Zientzien Fakultateko Hezkuntza Saileko irakaslea da. Hezkuntza fisikoa, pedagogia kritikoa eta etika interesatzen zaizkio, eta hezkuntza-maila desberdinetan ikertzen eta aplikatzen du ikasketa-zerbitzua. Kirolaren pedagogiaren, etikaren eta giza balioen arloan egindako lanaren ondorioz, Kirolaren
Pedagogia IV. Saria eman zioten 2017an.
Biak ala biak dira UVApS (Universitats Valencianes per l’ApS) sarearen koordinatzaileak. Sare hori osatzen duten berrogeita hamar irakasleek ikerketarekin eta irakaskuntzarekin lotzen dute ApS-a, Valentziako unibertsitate publikoetatik.
Hezkuntza-praxiaren alorrean, aukeraketa metodologikoa da irakasleei beren arrastoa uztea ondoen ahalbidetzen dien eremuetako bat, ikasketak hobetu nahi dituzten estrategiak, prozedurak eta ekintzak aplikatuz (Chiva-Bartoll eta Martí, 2016). Pedagogia kritikoaren proiektu emantzipatzaileari ekiteko bide metodologiko desberdinak daude, zeinak, handinahiz baina zentzuz, beren funtsezko printzipioak lortu nahi baitituzte hezkuntzaren arloan, bereziki gaitasunen alorrean. Gure aldetik, biziki uste dugu horietako metodo bat ikasketa- zerbitzua dela (aurrerantzean, IkZ).
Pedagogia kritikoa, ikasketarako-zerbitzu kritikorako oinarri gisa
IkZ metodo pedagogiko kritiko gisa ulertzeko, komenigarria da aldez aurretik begiratu bat ematea teoria eta pedagogia kritikoaren oinarrizko ideiei. Lehenik eta behin, komenigarria da gogoratzea teoria kritikoa Frankfurteko eskolako intelektualek XX. mendearen hasieran eta erdialdean garatu zuten lanaren he- rentzia dela. Haiek utzitako ondarea arrazionaltasun instrumentalaren, kulturaren industriaren, autoritarismoaren, eta teoriaren eta praktikaren banaketaren kritikan datza.
Bereziki, ikuspuntu pedagogiko kritikoaren oinarria Habermasek (1882) adierazitako jakituria osatzen duten hiru interesen –interes teknikoa, interes praktikoa eta interes emantzipatzailea– bereizketatik abiatzen da. Laburbilduz, horietako lehenaren izaera instrumentala da, eta helburu jakin batzuk lortzeko bitarteko edo tresna batzuk ezagutzean eta menperatzean datza. Interes praktikoak, berriz, arrazoi praktikoan du jatorria, eta pertsonak informatu, zuzendu eta orientatu nahi ditu erabakiak hartzeko prozesuetan. Azkenik, interes emantzipatzaileak justizia, askatasuna eta berdintasuna bezalako balioei jarraitzen die, gizarte-sistemetan dauden botere eta menpekotasun harremanak gainditzen saiatzeko.
Hiru interes nagusi horiek curriculumaren diseinura eraman ditu Shirley Grundy (1991) australiarrak; izan ere, horiek curriculumean dituzten eragin teorikoak aztertzen ditu, curriculumaren diseinu kritikoaren edo emantzipatzailearen eredua gehiago nabarmenduz, mundu soziala hausnarketaren bidez eraikitzeko eta berreraikitzeko asmoz. Bere esanetan, eredu hori ekintzaren eta hausnarketaren arteko elkarrekintza dinamikoa da. Autorearen arabera, kritika egiteko orduan, komunitate osoarentzat orokortu daitezkeen interesak hartzen dira erreferentziatzat. Ildo beretik, Carrek eta Kemmisek (1988) eta Kemmisek (1988) planteatzen dute hezkuntza-fenomenoak sozialki eraikitako eta balioekin konprometitutako errealitate kulturalak direla. Horregatik, irakaskuntza-ikasketa prozesuak testuinguruko errealitate desberdinetara egokitu behar du, halako moldez non curriculuma eragile desberdinen adostasunetik, komunikaziotik eta parte-hartzetik sortuko baita. Irakasleei dagokie, beraz, ikasleen hausnarketa bultzatzea eta gaitasun kritikoa sustatzea, berdintasun, autonomia eta askatasun maila batetik beren ezagutza propioa eraikitzeko aukera utziz.
Ikasleei dagokie, beraz, ikasleen hausnarketa bultzatzea eta gaitasunkritikoa sustatzea, berdintasun, autonomia eta askatasun maila batetikberen ezagutza propioa eraikitzeko aukera utziz
Horretarako, erabat baztertzen da jakituria tek- niko gisa ulertzen den didaktikaren ikusmoldea, non irakasleek ez baitituzte zalantzan jartzen helburuak, balioak eta, azken finean, bere ekintza pedagogikoaren azken zentzua. Ikusmolde kritikotik, hezkuntzak identitate emantzipatzailea du, bereziki, eta, beharrezko tresna gisa, ulermenaren eta autonomiaren garapenean datza, talde sozial ja- kinen artean dagoen zapalketa eta manipulazioa gainditzeko.
Freirerentzat (2006 eta 2015), pedagogia kritikoaren erreferente eztabaidaezinarentzat, hezkuntzaren oinarrizko papera da kontrol, injustizia eta esplotazio harremanen menpe dauden gizakiak eta talde sozialak askatzea. Planteamendu hori ulertzeko, garrantzitsua da “kontzientizazio“ kontzeptua berreskuratzea, zeinak kontzientzia eta ekintza kritiko bat lortu izana esan nahi baitu gaingiroki. Kontzientiza- zioa askatasun soziala (ikuspuntu materialetik) lor- tzeko bitarteko gisa uler daiteke, baina baita helburu gisa ere, askatasun pertsonala dakarrelako berekin ikuspuntu kulturaletik eta soziopolitikotik.
Pedagogia kritikoaren asmoa da pertsonak eta taldeak kontzientziatzea (askotan isilean gordetako) botere-ha- rremanez jabetu daitezen, errealitatearen eraldaketan gaitzea, eta eragiten dieten injustiziengandik eta za- palketarengandik aska daitezen ahalbidetzea. Freirek (2006) heziketa-prozesuak ulertzeko eta bideratzeko modu hau definitzen duten oinarrizko lau printzipio proposatzen ditu:
- Heztea errealitatea kritikoki ezagutzea da.
- Heztea errealitatea aldatzeko utopiarekin konprometitzea da.
- Heztea aldaketa horren subjektuak trebatzea da.
- Heztea elkarrizketa da.
Horiek horrela, Freireren kontzientizazioaren ildotik, IkZ-k bere esku dauka aldaketak bultzatzea bai ideien arloan bai gizarte-arloan
Horietan oinarrituta, hezkuntza-praxi bakoitzak berekin ekarriko du ikasleek beren eskema kognitiboan dituzten aurreiritziak, sentimenduak, jakituria inplizituak, esperientziak eta praktikak jorratzea eta aztertzea. Horiek horrela, irakasleek egoera errealei buruzko eztabaidaz eta elkarrizketaz betetako zereginak eman beharko dizkiete ikasleei, errealitatea ulertzeko dituzten gaitasunak eta aukerak handitu ditzaten. Hori lotuta doa gizarte- testuinguruarekiko elkarrekintzaren aldeko apustu garbi batekin, azpikulturen, istorio pertsonalen eta desberdintasun partikularren eragina nabarmentzeko, halako moldez non eskolaren eta bizitzaren artean elkarrizketa sortuko baita. Horiek horrela, Freireren kontzientizazioaren ildotik, IkZ-k bere esku dauka aldaketak bultzatzea bai ideien arloan bai gizarte-arloan.
HARIAK-a Aldizkarian artikulu betea, nro.5-etan.:
http://publicaciones.hegoa.ehu.eus/uploads/pdfs/386/hariak_5_eusk.pdf?1539862876