ON LINE IKASTARORAKO DEIALDIA. 2020-21
IKASKETA-ZERBITZUA GARAPEN JASANGARRIRAKO HELBURUEKIN LOTUTA
Ikasketa-Zerbitzura hurbildu
“IKASKETA-ZERBITZUA GARAPEN JASANGARRIRAKO HELBURUEKIN LOTUTA. Ikasketa-Zerbitzura hurbildu” online ikastaroak ikasketa-zerbitzuaren oinarriak landu nahi ditu, hezkuntza proposamen horren barruan proiektuak ulertu, garatu eta eraiki ahal izateko. Eta horretarako, Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) hartuko ditu langai. GJHen xedea da pertsona guztiei lurrean bizitza jasangarri, iraunkor, baketsu, oparo eta bidezkoa bermatzea, orain eta etorkizunean.
Ikasketa-Zerbitzuko proiektuak sustatuz, haurrak eta gazteak gizateriaren biziraupenerako funtsezkoak diren mundu mailako erronkez jabetzea lortu nahi da, baita erronka horiek bere egitea ere, eguneroko jardunean.
Garapen Jasangarrirako Helburuek natura-baliabideak erabiltzeko ingurumen-mugak eta atalase kritikoak zehazten dituzte; eta argi adierazten dute pobrezia errotik desagerrarazteko ezinbestekoak direla garapen ekonomikoa sustatuko duten estrategiak. Gizarte premiak ere hartzen dituzte kontuan, haien artean, hezkuntza, osasuna, gizarte babesa eta lan aukerak. Eta klima aldaketa eta ingurumenaren babesa ere aipatzen dituzte. Garapen Jasangarrirako Helburuek garapen jasangarri eta iraunkorrerako funtsezkoak diren oztopo sistemikoak gainditu nahi dituzte, besteak beste, desberdintasuna, kontsumo ez jasangarriko ereduak, erakundeen ahalmen ahula eta ingurumenaren narriadura.[1]
Ikasketa-Zerbitzua hezkuntzako proposamen bat da, proiektu bakarrean uztartzen ditu komunitateari zerbitzu bat eskaintzea eta curriculum instituzionalean jasota dauden edukiak, trebetasunak, gaitasunak eta balioak ikastea, curriculum hori formala izan zein ez.
Horrenbestez, gizartearentzat baliagarriak diren hezkuntza proiektuak egitea proposatzen du, bi xede batera hartuta: ikaskuntza eta elkartasuna. Halako proiektuetan zerbitzuaren hartzaile izango diren pertsona eta komunitateen adostasuna eta parte hartzea bilatu behar da.
Ikasleak, gizarte zerbitzuetako erabiltzaileak, aisialdiko elkarteetako gazteak… dira horrelako esperientzien protagonista nagusiak. Lehenengo pertsonan bizi dute ikasten dutenaren baliagarritasun praktikoa eta bizipenei esker ulertzen dute balio zibiko eta inklusiboen benetako esanahia.
Orain arteko esperientziek erakutsi dute planteamendu hau baliagarria dela hainbat testuingurutan eta askotariko kolektiboekin ikasteko. Eta, hortaz, metodologia egokia da helburu hauek lortzeko:
- Elkartasun balioak sustatzea.
- Jarrera prosozialak garatzea.
- Hezkuntza eta gizarte inklusioko ibilbideak diseinatzea.
- Pertsona guztientzat mundu zuzenagoa eta bizitzeko egokiagoa eraikitzeko beharraz jabetzea eta zeregin horrekin konpromisoa hartzea.
Gure hezkuntza proposamenak parte hartzen duten ikasleen gogoeta sustatu nahi du, ikasketa-zerbitzuko esperientzien eraikuntzaren protagonista nagusiak izan daitezen, beren eta ingurukoen jakiteak eta bizipenak berreskuratuz eta landuz, eta proposatzen ditugun kontzeptuak errazago bereganatuz.
NORENTZAT DA IKASTAROA?
- Hezkuntza maila guztietako irakasleentzat, Ikasketa-Zerbitzuaren ikuspegia eta jarduna ezagutu nahi badituzte, beren irakas eta heziketa lanean tresna gisa erabiltzeko.
- Aisialdi hezitzaileko taldeetako hezitzaileentzat, beren taldean edo erakundean Ikasketa-Zerbitzua txertatu nahi badute, bizitzako ikaskuntzekin lotuta, gizartearentzat baliagarriak diren elkartasun proiektuak lantzen dituztenean.
- Gizarte hezitzaileentzat, uste badute hezkuntza proposamen hau baliagarria izan daitekeela gizarteratzeko helburuak lortzeko, beren jarduera esparruan.
- Ikastetxeetako guraso elkarteetako kideentzat, beren ikastetxeetan herritarren hezkuntza proiektuak garatu nahi badituzte, curriculumeko ikaskuntzei lotutako elkartasun praktiken bidez.
- Auzo elkarteetako, pertsona nagusien elkarteetako eta herritarren bestelako elkarteetako arduradunentzat, uste badute Ikasketa-Zerbitzua tresna egokia izan daitekeela beren elkarteetako kideen prestakuntzarako edo komunitatean esku hartzeko.
HELBURU OROKORRA
Ikastaro honen bidez, gogoeta eta ekintza prozesu bat bideratu nahi da, parte hartzaileak IKASKETA-ZERBITZURA hurbiltzeko, teoria, norberaren errealitatearen azterketa eta hezkuntza jarduna abiapuntu hartuta, ikus dezaten nola eraiki proiektu bat Ikasketa-Zerbitzuko proiektu egoki baten baldintzak beteko dituela bermatuta. Eta ikasleen eta komunitatearen errealitatea eraldatzeko pentsatutako ikuspegi hori GARAPEN JASANGARRIRAKO HELBURUEKIN lotuta pentsatu eta egitea proposatzen da.
HELBURU ZEHATZAK
- Ikasketa-Zerbitzuari lotutako oinarrizko kontzeptuak, haien oinarriak eta balio hezitzailea ezagutzea.
- Ikastaroko parte hartzaileei garapen jasangarrirako helburuak azaltzea eta haien aplikazio praktikoa proposatzea, errealitatea eraldatzeko proiektuen bidez.
- Ikasketa-Zerbitzuko proiektuak identifikatzea eta trukatzea eta metodologia kontuak lantzen hastea.
- Ikasketa-Zerbitzuaren metodologia etorkizuneko proiektuetan txertatu daitezen bultzatzea.
- Ikasketa-Zerbitzuaren inguruan gogoeta egitea, agerikoa baita metodologia eraginkorra dela oinarrizko gaitasunak garatzeko, bereziki gizarte eta herritar gaitasuna, baita ekimena eta norberaren autonomia lantzeko ere.
- Oinarrizko gaitasunak garatzeko hezkuntza aukerak esperimentatzea, eskola ingurunean eta sozio-komunitarioan.
- Ikasketa-Zerbitzuko esperientzien garapenean sakontzea, inklusio prozesuak errazten dituen estrategiatzat hartuta, eta orain arte gizarte eta hezkuntza esku-hartzeen hartzaileei protagonismoa emanez.
IKASTAROAREN EGITURA
Ikastaro honek 4 LAN UNITATE ditu. Unitate bakoitzean, hainbat irakurgai eta jarduera praktiko proposatzen dira.
- Ikasketa-Zerbitzuaren oinarri kontzeptualak.
- Ikasketa-Zerbitzuaren metodologia.
- Garapen Jasangarrirako Helburuak: eraldatzeko eta curriculuma ikasteko dimentsioak.
- Ikasketa-Zerbitzuko proiektu bat eraikitzea.
IKASTAROA EUSKARAZ EDO GAZTELANIAZ EGIN AHAL IZANGO DA.
ESKAINI BEHAR ZAION DENBORA
LAN UNITATE bakoitzak 10 orduko lana eskatzen du, gutxi gorabehera, proposamen teorikoak eta praktikoak kontuan hartuta. Ikastaro osoak guztira 40 orduko iraupena du, eta 4 hilabetean egitea proposatzen da.
MATERIALAK
Eduki teorikoak eta fitxa praktikoak eskaintzeaz gainera, irakurri beharreko bibliografia digitala eskainiko da (dohainik jaistekoa), baita gomendatutako bibliografia eta ikus-entzunezko material lagungarria ere.
Ikasleei liburu hau emango zaie: Batlle, Roser (2020) Aprendizaje-servicio. Compromiso social en acción. Santillana Activa bilduma. Santillana Educación. Madril, 2020.
TRESNAK
Oro har, baliabide hauek behar dira ikastaroa egiteko:
- Interneteko konexioa
- Posta elektronikoko kontua
TUTORETZA
Ikastaroko parte hartzaile bakoitzak tutore bat izango du, ZERBIKAS Fundazioko laguntzaileen taldekoa. Tutore horrekin harremanetan jar daiteke eta iritziak trukatu posta elektronikoz edo Unitate bakoitzeko Foroan. Bien artean adostutako beste edozein bide ere erabili ahal izango dute.
Ikastaroko parte hartzaile talde bat entitate edo elkarte beretik edo testuinguru sozio-komunitario beretik baldin badator, tutore bera esleitu diezaiokegu. Horrela, aurrez aurreko topaketak adostu ahal izango dira eta proiektua elkarrekin egin.
Proposatutako helburu zehatzak lortzeko, Unitate bakoitzaren amaieran taldeko tutoretza bat egitea aurreikusten da, bideo konferentzia bidez, hitz egiteko, unitatea ebaluatzeko, praktikara eramatea proposatzeko, iritziak trukatzeko edo norberaren jarduna sustatzeko orientazioak emateko, besteak beste. Horretarako, tutorearekin adostuko dira eguna eta ordua.
EBALUAZIOA
Gogoeta prozesu bat denez, ez dira edukiak ebaluatuko, baizik eta unitate guztiak eta haien barruan proposatzen diren jarduera guztiak egitea.
ZIURTAGIRIA
Ikastaroa amaitutakoan, ZERBIKAS Fundazioak ziurtagiria emango du. Ziurtagiri horrek ez du balio akademikorik, ez da kredituen baliokide, baina izan liteke ziurtagiria hartzen duen erakundeak (ikastetxea, tokiko, erkidegoko edo lurralde historikoko administrazioa, etab.) balio bat ematea.
Ziurtagiria emateaz gain, orientazioak eskaini daitezke, tutoreak egindako ebaluazioa kontuan hartuta.
IKASTAROAREN DATAK
Ikastaroa 2020ko abenduaren 20tik 2021eko apirilaren 30era bitartean egingo da.
IZEN EMATEA
Abenduaren 20tik aurrera, ikasleek ikastaroan izena eman ahal izango dute eta, izen ematea berretsita, ikastaroa egiten hasi.
Izena emateko:
- Eman izena inprimaki honen atalak beteta https://forms.gle/m2JqU6RbMz33K8NH7. Posta elektronikoko mezu bat jasoko duzu, erregistratutako datuak berresteko.
- Ikastaroaren zenbatekoaren ordainketa egin behar duzu ZERBIKAS Fundazioak Fiare Banka Etikoan duen kontu honetan: ES80 1550 0001 2900 0242 2525, eta ordainagiria bidali zerbikas@zerbikas.es helbidera.
- Zure helbide elektronikoan jasoko dituzu ikastaroa hasteko jarraibideak.
IZENA EMATEKO KUOTA
- Euskal Autonomia Erkidegoko parte hartzaileak: 50 €
- IKASKETA-ZERBITZUKO ESPAINIAKO SAREKO (REDAPS) bazkideak, kuotaren ordainketa egunean badute, eta Ikasketa-Zerbitzuko Lurralde Taldeetako koordinatzaileek baimendutako pertsonak: 50 €
IKASKETA-ZERBITZUKO ESPAINIAKO SAREKO (REDAS) lurralde koordinatzaileekin harremanetan jartzeko: https://www.aprendizajeservicio.net/grupos-impulsores/
- Gainerako parte hartzaileak: 100 €
HARREMANETARAKO
ZERBIKASeko prestakuntza arduraduna: formacion@zerbikas.es
[1] UNESCO (2017) Educación para los Objetivos de Desarrollo Sostenible. Objetivos de Aprendizaje.