Adierazpena | HEZKUNTZA ASTIALDIAN: “INKLUSIOAN AURRERA EGINEZ
HEZKUNTZA ASTIALDIAN:
“INKLUSIOAN AURRERA EGINEZ” | Barakaldo, 2018ko urriaren 20a
2018ko Astialdi Kongresua | www.astialdikongresua.eus
Astialdi hezitzaileko boluntario eta profesionalak, administrazio publikoetako teknikariak, gizarteko eta hezkuntzako eragile eta erakundeak, unibertsitateko ikasle eta irakasleak, ikertzaileak eta arduradun politikoak Barakaldon elkartu gara gaur, 2018KO ASTIALDI KONGRESUAN, Astialdi Sareak eta Euskal Herriko Unibertsitateak deituta.
Astialdi hezitzaileari buruz dagoen literatura/hausnarketa oso zabala eta sakona dela uste dugu, eta ondo finkatzen dituela berori eratzen duten jarraibideak, irizpideak eta elementuak.
Hainbat lurraldetan egin diren askotariko biltzarrek aurrera egin dute hausnarketa hori ezaugarritu eta antolatzean.
Oinarrizko taldeek herri, hiri edo mugimendu bakoitzean eman dituzten urratsak oso garrantzitsuak izan dira, bai eta hainbat administraziotan, zerbitzutan eta erakundetan eman direnak ere.
Horrek guztiak asko lagundu du eta laguntzen jarraitzen du bai pertsonen eta kolektiboen bidelagun aritzeko eta pertsona horiek osotasunean hazteko prozesuak zehazteko eta garatzeko unean, bai gune komunitario parte-hartzaile eta erantzunkideen eraikuntza indartzeko unean. Etengabeko egokitzapenean gaude, malgu, ziztu bizian aldatzen ari den errealitate konplexu honetan.
Astialdiko hezkuntzako taldeak eta proiektuak eratzeko apustua argia da: gune hezitzaileak eraiki nahi ditugu, norberaren nortasunaren adierazpena bizi ahal izateko horietan, norbera den bezalakoxea ager dadin eta besteen nahiz norberaren izateko eta egoteko askotariko moduak onartzen, errespetatzen eta baloratzen ikas dezagun.
Astialdiko hezkuntzan, hezkuntza formala indartzen, hedatzen eta osatzen duten proiektuak garatzen ditugu. Asmo, xede, programazio, ekipo, metodologia eta tresna hezitzaileekin antolatzen eta planifikatzen ditugu gure proposamenak. Pertsonekin garatzen dugun lan hezitzaileak, pertsona horien adina eta jatorria edozein izanda ere, herria eraiki eta egin ere egiten du: pertsonak, familiak, auzoak, herriak, hiriak eta abar.
Gaur, aurretiko hausnarketa-guneetan ibilitako bidearekin jarraitu nahi dugu, eta jarrera nahiz ibilbide hauek nabarmendu:
- Pertsonen garapen osoari eta komunitateen garapenari laguntzea, toki- eta herri-mailan.
- Astialdi-taldearen eta -proiektuaren ohiko irudia gainditzen duten proiektuak eta prozesuak eraikitzea.
- Astialdi hezitzailea helduekin, familiekin eta adinekoekin batera eta horientzat ere sustatzea.
- Belaunaldiarteko lanaren alde egitea.
- Gizarte-politiketan eragile aktiboak izatea.
- Esku-hartzeen inpaktua aztertzen duten ikerketak egitea. Etengabeko berrikuntzan egotea.
- Hezkuntzako eragileen prestakuntza birpentsatzea.
- Bizitza negoziotzat ez hartzea.
- Hirugarren sektorearekin zerikusia daukaten astialdi hezitzaileko proiektuen ekarpenak aitortzea.