IRAILAREN 30EAN AMAITUKO DA 2021EKO IKASKETA-ZERBITZUA SARIEN PROIEKTUAK AURKEZTEKO EPEA. EZ DESPISTATU!!!
Zazpigarren urtea da REDAPSek (Espainiako Ikasketa-Zerbitzu Sareak) Ikasketa-Zerbitzu Sariak deitzen dituela. 2015ean hasi zen, Valentzian, non, lehen aldiz, REDAPSek 2008tik antolatzen duen estatuko topaketari sariak emateko ekitaldia gehitu zuen.
Sarien deialdia egiten da ikasketa-zerbitzuaren praktika sustatzeko, hau da:
- Haurren eta gazteen ikaskuntza komunitatearen bizi-kalitatea hobetzeko ekintza solidarioekin aberasten duten ikastetxeen eta gizarte-erakundeen lana aintzatesteko.
- Haurrek eta gazteek, bereziki aukera gutxien dutenek, ingurunean aldaketa positiboak eragiteko duten gaitasuna aitortzeko, herritar aktibo gisa jardunez.
- Ikasketa-zerbitzuko praktikak aintzatesteko eta ikusarazteko, hezkuntza-arrakastarako eta konpromiso sozialerako tresna diren aldetik, eta horien hedapena eta ezarpena sustatzeko.
- Gizartean kultura parte-hartzailea, solidarioa eta konpromiso zibikokoa indartzeko eta zabaltzeko, justizia soziala eta giza eskubideak aintzat hartuta.
Lehenengo aldian 146 proiektu aurkeztu ziren eta 6 sari banatu ziren, orokorrak eta hezkuntza-mailen araberakoak. Urte horretan hiru erakundek babestu zuten deialdia: la Caixa Gizarte Ekintzak, Profesor Uría Fundazioak eta Porticus Fundazioak. Gainera, Valentziako Unibertsitatearen laguntza izan genuen, eta bere egoitza utzi zigun topaketarako.
Harrezkero, proiektu-kopurua, sari-kopurua eta -aniztasuna handitu egin dira, bai eta inplikatutako erakundeak ere. Izan ere, sarien ekimena hiru sektoreen (gizarte-sektorea, sektore publikoa eta sektore pribatua) arteko aliantza-ariketa praktikoa bihurtu da.
REDAPSeko kide den ZERBIKASi atsegin zaio konplizitate-sarea pixkanaka hedatzen laguntzea. Urtero hiri desberdin batean elkartzeko eta udalarekin batera antolatzeko ohitura sendotu da. Urte hauetan zehar, L ‘Hospitalet de Llobregat, Coslada, Pamplona, Cáceres eta 2021eko Alcalá de Henares udalekin izan da.
ZERBIKAS eta REDAPS oso pozik daude Plena Inclusión, Educo, Gironako Printzesa Fundazioa, Torresco, Ana Bella Fundazioa, La Caixa Fundazioa, DKV Seguros, Esemtia, Mullor eta ESADE bezalako erakundeen babesa izateagatik.
Eta asko baloratzen ditugu CENEAM (Trantsizio Ekologikorako eta Erronka demografikorako Ministerioa) eta Iberoamerikako Estatuen Erakundearen lankidetzak.
Aurten 22 sari banatuko dira, baina ahal izanez gero, gutxienez bikoitza banatuko genuke. Denboran zehar aurrerapen kualitatibo izugarria ikusi dugu aurkezten diren proiektuetan, urtetik urtera zainduagoak eta sakonagoak baitira.
Sariek, zalantzarik gabe, ikasketa-zerbitzua zabaltzen lagundu dute, baina, luzera begira, normalizatzen ere lagundu behar dute: ez dadila izan ezohikoa bizitzan behin gutxienez haurrek eta gazteek beren ingurunean hobekuntza eragiteko konpromisoa hartzea, ezagutzetan, trebetasunetan eta balioetan haziz. Herritartasunean hazten.
Zuen proiektuak 2021eko irailaren 30a baino lehen aurkeztera animatzen zaituztegu. 2021eko Ikasketa-Zerbitzua Sarien webgunean aurkituko duzue informazioa.
EZ AHAZTU DATA HAU: Irailaren 30ean amaituko da izen-ematea eta proiektuari dagokion memoria bidaltzeko epea.
IKASKETA-ZERBITZUA 2021 SARIETARAKO PROIEKTUAK AURKEZTEKO OINARRIAK